6 de nov. 2012

Goiberri Hitza




Hona Goiberri astekariak 2012ko azaroak 05ean gindako elkarrizketa.

Elkarrizketa Goiberri-ren webean ikusteko sakatu hemen.


Martin Aranburuk (Urretxu, 1974) zientzia politikoak ikasi zituen EHUn. Eusko Alkartasuna alderdiko Gazte Abertzaleak taldean egin zituen politikan lehenengo urratsak. Alderdi beraren ordezkari gisa Eusko Legebiltzarreko kide izan zen 2001. urtean hasitako legealdian, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailean lan egin zuen 2005etik 2008ra bitartean.
Euskal politikagintzaren lehenengo lerroa utzi, eta gai pertsonalak tarteko, Bartzelonara (Herrialde Katalanak) joan zen. Egun, Convergencia Democratica de Catalunya (CDC) alderdiari lotutako CatDem fundazioan egiten du lan.

Zein egoera bizi dute gaur egun herritarrek Katalunian?
Hitz bakarrarekin azal daiteke: nekea. Egun, Espainiarekiko sekulako nekea dute katalanek. Nekatuta daude arlo sozialean, politikoan eta ekonomikoan. Maila sozialean espainiarrek ez dituzte katalanak gustuko, eta asko dira horren adibideak. Ekonomikoki, krisiaren eragina bortitza izan da Katalunian, eta kutxan dirurik ez zegoenez, murrizketak egin behar izan dituzte. Kudeaketa txarra egin dutela egotzi dakieke, baina badago datu bat Espainiako gobernuak 2008ra arte publiko egin ez duena. Zenbat jasotzen du estatuak Kataluniatik? 16.000 milioi euro urtean, 44 milioi eguneko. Hemen, Euskal Herrian ez bezala, ez dugu bertako zergak biltzeko eskuduntzarik.

Politikoki nondik dator nekea?

Hasiera garbia 2006an gertatutakoan kokatu daiteke. Urrats guztiak eman eta gero, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak muzin egin zion Katalunian onartutako autogobernu berriari. Auzitegiak erabakitzeko eskubidea nork duen argi eta garbi utzi nahi izan zuen. Kolpe gogorra jo zioten Kataluniako indar abertzaleek historikoki izan duen estrategia itun zaleari; zauri mortala izan zen. Ekonomikoki kaltetuta sentitzen dira katalanak. Espainiari itun fiskal berria proposatu zioten –Hego Euskal Herriko lurraldeek duten kontzertuaren antzekoa–, eta jasotako ezetzak Madrilen adostasunerako borondaterik ez dagoela agerian utzi zuen. Egoera hori ikusita, Katalunian gehiengoak Espainia utzi eta bide propioa egitea nahi du.
Independentziaren eskakizuna lehen lerrora ekarri du CiUk, eta diskurtso berri horrekin aurkeztuko da hilaren 25eko hauteskundeetara.
Alderdi politikoek hauteskundeak irabazi nahi dituzte. Beraz, ezin diote gizarteak dioenari entzungor egin. Egun, gizarte katalanak itunak alde batera utzi nahi baditu, nola egingo du CiUk Madrilekin paktuak egiten jarraitzeko apustua? Ezinezkoa da. Hori da, nire ustez, PSCren akats politiko handiena. Kataluniako sozialistek ez dute gizarteak egin duen eboluzioa onartu nahi. Hemen beste inon gertatuko ez den fenomeno politikoa gertatuko da datozen hauteskundeetan: murrizketen erantzule den alderdiak ez die soilik aurreko emaitzei eutsiko, hobetu egingo ditu.
Gizartearen eskaerari erantzuteaz gain, ba al dago faktore gehiago CiUren aldaketan eragin duenik?
CDC gobernatzen dutenak nortzuk diren ikusita, belaunaldi aldaketa egon dela esan daiteke. Uniok alderdiak bere txikitasunean ez dauka CDCren estrategia politikoan eraginik. Pujolen garaian gazte zirenak dira, eta diskurtso abertzalea oso barneratuta dute. Beste faktorea enpresarien babesa da. Arrazoi ekonomikoak tarteko, historikoki CiUri sostengua eman dioten enpresari zati handi bat independentziaren alde dago.
Badira, halere, egoera ekonomikoak gogo independentista indartu duela diotenik.
Bai, zalantzarik gabe. Mugimendu abertzale guztiak hainbat arrazoien batura dira. Eskoziako edo Quebec-eko aldarrikapenak ez dira nortasun aldarriak soilik; arrazoi ekonomikoak ere badaude. Euskal Herrian ez al dugu independentziarekin hobeto biziko ginatekeela esaten?

Inkestak bat datoz indar abertzaleek hauteskundeak irabaziko dituztela esaterakoan. CiUk, agindu bezala, erreferendumerako bidea irekiko al du?

Bai, dudarik gabe. Hurrengo legealdian galdeketa egingo dela dioen mozioa onartu zuten indar abertzaleek eta Iniciativa per Catalunya alderdiak legebiltzarrean. Artur Mas lehendakariak esan du, Espainiaren baimenarekin edo gabe, galdeketa egingo duela. Konpromisoa garbia da. Nazioartean zilegitasuna irabazteko ezinbestekoa izango da erreferenduma. Katalanen gehiengo zabal batek emango dio benetako zilegitasun demokratikoa Kataluniaren gogoari. Kataluniak Europaren aurrean bi bermerekin aurkeztu nahi du bere burua: hauteskundeetan lortutako gehiengo zabalarekin eta independentziaren alde irabazitako erreferendumarekin.
Nola uste duzu erreakzionatuko duela Espainiar estatuak?
Espainiak gogor egingo du kontra, Espainiako barne produktu gordinaren %18,6 Kataluniak sortzen baitu. Aberastasun asko galduko luke estatuak, arrazoi politikoetatik haratago, arrazoi ekonomiko indartsua ere badago tartean. Ez dut uste esku-hartze militarrik egongo denik, baina Espainiak legearekin lotutako baliabide guztiak erabiliko ditu independentzia prozesuak puskatzeko; konstituzioaren 155. artikulua erabilita autonomia ezeztatzea barne. Gizartean beldurra zabaltzeko diskurtsoak ere baliatuko ditu. Itun politikoa ideala litzateke, baina ez dut uste Madrilen sezesio prozesurik negoziatzeko prest agertuko direnik.
Testuinguru horretan zein izango da orduan bidea?
Gatazka juridikoa sortzea, legebiltzar demokratikoen arteko gatazka, hain zuzen ere. Katalunian, hurrengo legealdian legebiltzarrak aldebakarreko deklarazioa egiten duenean, Europan konpondu beharreko gatazka juridikoa sortuko delakoan nago.
Europar Batasunak esku hartuko duela uste al duzu?
Bai, baldin eta legebiltzarraren erabaki demokratikoa –babesa %75tik gorakoa izan daiteke– eta erreferendum bidez katalanen gehiengo handi batek onartzen badu.
Ezin al diote europar legeriari heldu Kataluniako independentziaren aldeko erabakia alboratzeko?
Momentu honetan erantzun horren bila ari gara hainbat txosten eta ikerketa aztertzen. Kataluniako eta atzerriko zenbait adituri txostenak eskatu dizkiegu. Europar legeriak ez du kide den estatu baten sezesio prozesurik aurreikusten. Lisboako Tratatuak berak ez ditu aurrez ikusten egoera horretan aplikatu beharreko mekanismoak. Ez dago garbi Katalunia independizatuz gero, Europar Batasunetik eta eurotik kanpo geratuko ote den. Nazioartean babesak lortzea garrantzitsua da. Aitzitik, Kataluniaren kasuan garbi ulertu behar da atzora arte hain neurtuak ziren CiUkoak ez direla bat batean erotu, eta ez dute ondo aztertuta ez dauden urratsik emango. Legebiltzarrean alde bakarreko deklarazioa bultzatzen bada, nazioartearen erantzuna zein izango den aldez aurretik jakingo dute.
Antzekotasunak ala ezberdintasunak dira gehiago Kataluniaren eta Euskal Herriaren artean?
Desberdintasunak gehiago dira. Biek dituzte subiranotasun gatazkak eta biek nahi dute Europako kide izan. Aldeak sakonagoak dira, ordea. Euskal Herriak indarkeria guztiz gainditzeko prozesua egin behar du lehendabizi. Abertzaleen arteko elkarlana zailagoa ikusten dut euskaldunen artean. Lurraldetasunean ere aldea dago, Euskal Herriak ez baitu Nafarroarik gabeko biderik egingo. Abertzaletasun bera desberdina dela esango nuke: euskalduna nortasunean errotuago dago, katalana kulturan eta ekonomian.

Cap comentari:

Publica un comentari a l'entrada