10 de des. 2006

Argia nagusi


Euskal Herriko bake eta normalizazio prozesua aztertzeko garaian baikortasuna edo errealismoa gailentzen ote zaizkidan ez dut batere garbi. Dena dela, egoeraren zailtasun honetan ere, iluntasuna baino argi gehiago ikusten ditut egoera politikoan. Iluntasuna handia bada ere.

Prozesuan itxaropena jartzen duten eragile guztien partetik metodologia nagusia onartu da. ETA eta Espainiako Gobernuen arteko mahaia alde batetik, eta eragile politikoena bestaldetik. Marko orokor honen baitan, ulergarritzat jotzen ditut nik azken hilabeteetan ikusitako urratsak. Ulergarriak bai, arriskutsuak ere bai noski. Konponketa edo alderdi mahaia publikoki martxan hasiko denerako, alderdi nagusiek beraien artean gatazkatsuen izan diren konfrontazio elementuak debatituak eta neurri handi batetan adostuak izango dituztela ziur naiz. Konponketa mahai publikoa ikusterako, prozesuaren arrakasta nahiko bermatua izango dela alegia. Bestela, ez dugu mahairik ikusiko. Beraz, mahai horren prestaketan gauza asko dira debatitu, diskutitu eta adostu beharrekoak. Bestela esanda, mahaiaren egutegi eta parte-hartzeaz gain, adostu beharreko gatazka-gaiak erdi-adosturik egon beharko dira eragileen artean, mahaiaren porrotaren perspektiba mahaiaren gainean eduki nahi ez bada behinik behin. Logika horretan, konponketa mahaiaren eratzeak uste baino denbora gehiago behar izatea positibotzat jotzen dut, mesedegarria baita herri honentzat prozesuaren arrakasta aurrez lotua izan dadin.

Halere, adostu beharrak negoziatzea suposatzen du. Gobernua eta ezker abertzalea dira negoziazio horretan aktore garrantzitsuenetarikoak eta beraien arteko elkarrekiko martxaren arabera izango du prozesu honek arrakasta. Arerioen arteko akordioa behar baita, ez lagunen artekoa. Hortaz, gobernuak zein ezker abertzaleak prozesuaren arrakastaren beharra ikusiarazi nahi diote besteari, arrakastaren beharrak presionatuak negoziazioan batak besteari orain arteko planteamenduak aldarazteko helburuz. Hartara, bakoitzak besteari prozesuaren porrotaren ondorioak gogoratu nahi dizkio antza, batak estatu tresna errepresiboak erabiliz eta besteak kaleak berriz ere aktibatuz.

Soka tinkatzearen jokoa dirudi. Hura gehiago beldurtu, nik gehiago irabazi. Ulergarria, baina tinkatzeak haustura lekarke, eta ez soilik prozesuarena, urte askotako itxaropenarena baizik.

ARGIA. 2006/12/10

23 de nov. 2006

PFEZren aldaketa


Aste honetan EAEko foru aldundiek PFEZren aldaketaren ituna ontzat jo dute. Batzar nagusi desberdinen onarpenaren zain, ziurtzat eman daiteke gure zerga bilketa sistemaren oinarri berria. Merezi du benetako eraikuntza nazional eta sozialean hainbesteko eragina duen aspektu honetaz aritzea.

Aritu bai, larritu ere bai. Gizarte batek bere buruari ematen dion zerga sistemak zuzenean du zerikusirik eraiki nahi den gizarte ereduarekin. Hortaz, gutxiago bilduko duen zerga sistema eman behar badiogu gure buruari PFEZren aldaketa berri honen bitartez, zein da EAEn eraikitzen ari garen gizarte mota? Bizi garen europar inguruan aztertuta, ikuspuntu ekonomizista batetik baita ikuspuntu sozial batetik ere, defendatzen dut diru-biltze kopuruen handitzea.

Ekonomikoki gastu publikoaren gutxitzeak baino handitzeak egiten dio mesede ekonomiari. Diskusio sakona da honakoa, leku eta patxada gehiago behar duena aitzitik. Bigarren aspektuan zentratu nahi dut.

Ikuspegi sozial batetik, ekuazio sinple batek zerga jaitsieraren aurkako iritzira bultzatzen nau: Sarrerak­gastuak=diru etekina.

Sinplea oso formula. Sinpleegia. Baina, matematikan iaioak ez garenok ere erreflexio xume bat egiteko paradan gaude. Diru etekinetan diru galerarik nahi ez bada, sarrerak jaistekotan gastuak ere jaitsi egin behar dira. Gastu sozialen jaitsiera Amerikatik pixkanaka-pixkanaka nagusitzen ari zaigun gizarte eredu baten isla da. Zerbitzu publikoen gastua jaitsiaraziz, administrazioa zerbitzuen desagerpenera edo pribatizaziora bultzatzen du epe ertain zein luzera. Gastu soziala ez da administrazio baten kapritxoa izaten, behar bati erantzuten dio beti. Epe motzera, norbanakoen diru zergen jaitsierak onarpen ona du zerga ordaintzaileen artean, baina luzarora kalte gehiago ditu onurak baino.

Euskal Herrian orokorrean, eta EAEn zehazki, porrot egingo du sistemak, diru sarrerak handitzen ez badira. Gastuak txikitzeari zaila deritzot, are eta zailagoa behar sozialen handitze dinamika batean murgilduta baldin bagaude. Jada, desoreka dago ordaintzen dugunaren eta jasotzen dugunaren artean.

Bada, ordea, zerga zuzenen jaitsiera zeharkako zergen igoerarekin konpentsatu nahi duenik, hartara diru sarrerak gutxitu ez daitezen. Honek ere badu bere arrisku sakona. Zeharkako zergak denek neurri berdinean ordaintzen ditugu, gutako bakoitzak duen errentari muzin eginez. Diru sarreren araberako ordainketa bermatzen duen elementu bakarra errentaren gaineko (eta enpresetan elkarte zerga) zerga da. Beraz, gehien duenak gehiago ordaindu dezan, zeharkako zergak alde batera utzi.

Aspektu positiboak nabarmentzea ere bidezkoa denez, egia da iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko mekanismo hobeak jartzen direla martxan. Oro har, txuriak eta beltzak. Emaitza, nire ustez, grisa, iluna. -

GARA. 2006/11/23

28 de set. 2006

Kalera


Egoera politikoaren azterketa kezkatua egin genuen Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoan biltzen garenok joan den astean. Gure helburua konponbide politikoa izan da beti, eta hori posible egin ahal izateko, elkarrizketa mahaia jo dugu ezinbesteko tresnatzat: herri honetako sentsibilitate eta lurralde guztiak bilduko dituen mahaia, hain zuzen.

Lanean hasi ginenetik harreman ahalegin itzela egin dugu euskal eragile politiko, sindikal eta sozial ororekin. Betiere, eragile guztiak errespetatuz eta kontuan hartu nahian. Elkarrizketa esfortzu horrek ondorio nagusi batera bultzatu gintuen: konponbide mahaia posible egingo zuten baldintza politikoak lortu behar ziren.

Gatazka politikoak soluzio politikoa behar du. Eta soluzio politikoak tresna bat du ezinbestekotzat: elkarrizketa. Berau posible egingo zuen giro politikoa lortzea izan da eragile askoren lana azken hilabeteetan.

Sei hilabete badira ETA erakundeak su-etena eman zuenetik. Sei hilabete aitzakiarik gabe. Elkarrizketa politikoari ekiteko baldintzak dauzkagula. Sei hilabete hauetan aitzakia gehiago asmatu dituzte mahai politikoa ez eratzeko. Egiaztatzea, gero Batasunaren legalizazioa, orain kale borroka...bata bestearen atzetik aitzakiak jarri dituzte konponbide mahaia ez eratzeko.

Euskal Herriko gizarteak bakea eta normalizazioa merezi eta nahi ditu. Ziur naiz euskal jendarteak ezin duela egungo egoera politikoa ulertu. Ziur naiz jendartearen nahia eragileen elkarrizketa mahaia eratuta ikustea dela, non itun politiko bat lortuko den, azkenik, itun hori euskal jendarteari aurkeztuko zaio, baiezkoa edo ezezkoa eman diezaion. Euskal jendarteak ardura handia du gaur egun gauden egoera politikoarekin. Nire ustez, jendartearen bultzada eta inplikazioa beti garrantzitsuak izan badira ere, oraingoan are eta garrantzitsuago. Inoiz baino ozenago aldarrikatu behar dugu konponbide mahaia: aitzakiarik ez dagoelako eta herri honek konponketaren beharra duelako.

Urriaren 7rako antolatu diren elkarretaratzeek premiazko garrantzia dute horregatik: ozen eta jendetsu izan behar gara kalean eskuetan dugun prozesu politikoaren alde. Bertan, hainbat eragilek adosturiko komunikatu bat irakurriko dugu. Prozesu politikoa une kezkagarrian badago ere, ziur gara herri honek aitzinera bultza dezakeela. Alderdi politiko batzuetako ordezkarien eskuetan soilik utziz gero, hainbestetan borrokatu dugun elkarrizketa politiko garaia ezabatu egingo da. Eta, zalantzarik ez dut, borroka armatuaren aldeko defentsa egiten zuenak argudio indartsuak izango dituela elkarrizketa politikoak emaitzarik lortzen ez badu. Gure esku dago. Guk, OHDtik, tresna berri bat eskaini nahi diogu herri honi beste behin bere oihua ozen esan dezan. Atera gaitezen beste behin kalera konponbide mahaiaren alde. -

14 de set. 2006

1515eko ekainak 11


1515eko ekainak 11. Gaztelako Burgos hirian gaude. Bertan Gaztelako Gorteen bilkura egiten ari dira, Nafarroako Erresumatik datorren bisitari ospetsu baten agerraldia izango delarik: Alba-ko Dukea. Bisitaldiak zirrara berezia sortzen du bertaratu diren Gaztelako noble, elizgizon eta hirietako ordezkarien artean, Erromako Aita santuak Nafarroako Erresumaren inguruan harturiko erabakiaren berri ematera dator eta. Bertan ez da present Nafarroako Gorteen ordezkaririk, ezta Gaztelaren alde borrokatu diren Nafarroako hainbat familiaren testigantzarik ere.

Nafarrak ez diren ordezkarien aurrean Aita santuaren erabakiaren berri ematen da: Aurrerantzean Nafarroako lurrak Gaztelako Fernando II.aren esku geratzen dira, bere alaba Juanari eman diezazkion, horrela Granada, Leon eta Gaztelarekin bat egin dezaten. Ordainean, Nafarroako foruak eta ohi- turak gorde beharko dira, gerrak sorturiko kalte ekonomikoen ordaina emango zaiolarik Iruñeko hiriari, betiere Gaztelako erregearen borondatez. Aita santuaren erabakia konkista berri baten bedeinkazioa bada ere, kezkati dira Gaztelako Gorteetan. Nafarroa konkistatu dute baina noiz arte? Foruak gorde? Ordainketak?

Gorteen kezkak lasaitzearren, Albako Dukeak aurkezturiko erabakia zehazten da. Nafarroako lurrak Gaztelarenak izango dira «para siempre jamás», ordainketak egiteko ez dira Gaztelako beste erresumen baliabideak erabiliko: Nafarren zergak eta tributoak erabiliko dira, eta foruen errespetuaren irakurketa berria egiten da: Nafarroako Gorteen esistentzia ez da zalantzan jartzen, baina Nafarroari buruzko erabakien berri ez zaie Nafarroako Gorteei emango.

2006ko iraila. Gaztelako Gorteak «Cortes generales» deitzen dira orain. Nafarroako erresumarenak izandako lur batzuk bi elkarte autonomotan banatuta daude. Beraien oraina eta etorkizuna, 1515ean bezalaxe, erabakitzeke dago oraindik. Orduan hitza, erabakia, lehenaldia eta etorkizuna kendu ziguten haien erabakiz, eta orduko Nafarroako autoritate ofizialen adostasunez. Ez ditzagun lehenaldiko akatsak errepikatu. Euskal Herriko gorterik ez dugu, baina Euskal Herriaren ordezkaritza izango den mahai politikoa eratzea gure esku dago. Ez Gaztelaren esku. Euskal Herriko mahai politikoak hartuko ditu herri honen etorkizunaren inguruan eman beharreko diskusioak eta adostasunak, baldin eta, berriz ere, gure etorkizuna orduko Gaztela gizonen esku utzi nahi ez badugu.

Orduan ez ziguten hitzik eman. Gaur, antza, hitzari uko egin nahi diote batzuek. Hemengo mahaiaren beharra ikusten ez dutenek Burgosera joan ez ziren Nafarroako autoritate ofizialen jarrera berdin-berdina dute, 491 urte pasatu badira ere. Batzuen itsukeriak ezin du herriaren ilunpea izan halere. Beraz, oraingoan ondo egin ditzagun gauzak: euskal debatea, euskal ondorioak eta euskal ordezkaritza. Gainontzeko formulak sobera ezagutzen ditu herri honek. -

11 de maig 2006

Déu n'hi do


Begiak eta belarriak erne daramatzan bidaiariak, herri berrien ezagutza fisikoaz gain, bertakoen izateko eta pentsatzeko moduaz jabetzeko aukerak izaten ditu. Katalunian esfortzu hori egin duen edonork badaki Euskal Herria eta euskal herritarrak altxor txiki bat garela beraientzat, zaindu beharreko eredua eta lagundu beharreko herria. Izatez, behin baino gehiagotan beren buruaz baino gutaz ez ote diren gehiago larritzen pentsatu izan dut. Ispilutzat hartzen gaituzte, beren eskubideen lorpenak gure borrokarekin lokarri ikusezina baino errealago bat izango balu bezala. Elkarbanaturiko patua bailitzan. Zoritxarrez, estatutu berriaren diskusio antzu honekin hautsi da patu eta ibilbide komuna. Herenegun arte.

Esquerra Republicana de Catalunya alderdiak ezezkoa erabaki du. Ondo diot. Alderdiak erabaki du. Behetik gorako prozesu eredugarrian. Halere, erabaki horrek eragiten didan poza ez datza alderdien barne demokrazia indartzean, prozesu honen guztian hasieran egindako akats barkaezin bat zuzentzean baizik.

Kataluniako mapa politikoa aztertuta, Esquerra da ordezkaritza instituzionala eta planteamendu independentistak jorratzen dituen alderdi bakarra. Bestela esanda, Kataluniak, Euskal Herriak bezala, Espainia eta Frantziarekin bizi duen gatazka politikoaren irtenbidearen aldeko presio tresna konstantea izan behar du Esquerrak. Eskuduntzen eztabaidaz gain, lehenik konpondu beharreko gatazka politikoa jarri behar du beti Esquerrak mahaiaren gainean. Berak egin ezean ez baitu beste inork egiten.

Hauxe da, hain zuzen, hainbeste kataluniar abertzalek Euskal Herria eredugarritzat hartzeko arrazoia. Hemengo alderdi abertzaleak, modu eta intentsitate desberdinetan, arazo politikoa konpontzeko esfortzu eta negoziaketetan ari dira. Arazoa osotasunean: erabakitzeko eskubidea barne. Kataluniako alderdiek ez dute marko berriaren eztabaida termino horietan planteatu. Lasaitu ederra hartu du Zapaterok kataluniarren estatutua autogobernurako tresnatzat planteatu diotenean.

Esquerraren ardura ukaezina da. Gobernuko alderdia izanik, bere ardurapean zegoen prozesu honetan konpondu beharreko arazoak aurkeztea. Horretarako eman zioten boza milaka eta milaka kataluniarrek. Azken egunetan erabakitako ezezkoaren bidez, estatutu honetatik kanpo geratuko da, eta ezarriko den marko berri horren aurka ariko den aukera politikoa izango da. Hori behar du izan Esquerraren funtzioak. Markoa kritikatu, aldatu eta Kataluniak dituen ukazio eta zapalkuntza politikoen amaiera lortzeko tresnatzat eskaini bere burua Kataluniako herriari. Ezezkoak berriro aukera hori ematen dio. Profitatu dezala.

Gara. 2006/05/11